XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

13. Itsas sakoneretako mamuaren ohiturak.

Katxalote bat 60 urte baino gehiago betetzera hel daiteke.

Bizitza luze horretan, arrari sexu heldutasuna 10 urte inguru duenean heltzen bazaio ere, bere ohitura sozialek galerazten diote gaitasun hori erabiltzen 25 urte bete arte; alegia, berearen eme-taldea biltzeko gai ez izan bitartean.

Arrak tropiko eta azpitropikoko uretan bizi izaten dira negualdiak irauten duen bitartean, eta udazkenaldiko azken partean arktiar edo antarktiar itsasoetara abiatzen dira.

Emeak aldiz, beraiekin kumeak daramatzatela, ez dira inoiz gainditzen hego edo iparraldeko 40 gradutako latitudea.

Negualdian, ar helduak iristen direnean, eme-taldeak berenganatzeko ohiturazko borrokaldiak hasten dira.

Amodiozko borroka hauetan izugarrizko kolpeak banatzen dituzte katxaloteek, eta oso arrunta da katxalote ar batek etsaiaren baraila harrapatu eta tenkada beldurgarri batez urratzea, behin betirako mutilaturik geldituz.

Ar batek 20-40 emek osatutako taldea bil dezake, umekiak kontatu gabe.

Katxalote emeek duten ernaldia 14-16 hilabetekoa da, eta edoskialdia, berriz, urtebetekoa.

Edoskitze aldia bukatzen denean, umeek oraindik 8-12 hilabete amaren ondoan iraungo dute.

Ama-umearen arteko lotura fase honetan oso hestua izaten da, eta bale arrantzaleek ederki zekiten bale emeak umea zauriturik edo hilda ez zuela inoiz utziko; horregatik hain zuzen, balea gehiago harrapatzeko umea hiltzen zuten lehenbizi, jakinaren gain ama ondoan geratuko zela.